jueves, 15 de diciembre de 2011

Igor Estankonarekin elkarrizketa

1)      Noiz erabaki zenuen zure lehen obra idaztea?
Nirea kasu ez-ohikoa da. Arratiako "Zantzoa" literatura fanzinean hartzen nuen parte (1996-1998 urteen artean 5 aldizkari argitaratu genituen Arratia aldean) eta Zarauzko Susa argitaletxetik deitu egin zidan Gorka Arresek etxera, esanez ea ni nintzen "Zantzoa"n Stanley ezizenarekin sinatzen zuena, eta ea idatziko nuen poema-liburu bat, beraiek argitaratuko zutela-eta, "Zantzoa"ko mailako poemak baziren. Imajinatu, zein bide leuna izan dudan nik, beste batzuen aldean. Liburua gustatu egin zitzaien, eta horrela jaio zen nire lehen obra, maitasun handiz gogoratzen dudan "Anemometroa" (1998).
2)      Zein idazleetan inspiratu zara zure obrak idazteko?
Ez daukat inspirazio-iturri bakar bat, edo idazle kutunik, edo estilo markaturik, edo halakorik. Leonard Cohen irakurtzen dut, eta Anna Ahmatova, eta Josanton Artze, eta Gary Snyder... eta gero kanta batek iradokitzen dit zerbait, pertsona berezi batekin hartutako kafeak... amesten dut gauean gauza bat ikaragarria, goizean alabak laztantzen nau eta goxo-goxo iratzartzen gara ama eta hirurok... poesia leku guztietan dago, inspiratzen nau bizitzaren gogorrak eta ederrak.

3)      Zein irizpide jarraitu dituzu obrak idazteko?
Poesian irizpide hitza ez da existitzen. Ez behintzat nire kasuan. Nik inpultsoak eta intuizioak jarraitzen ditut. Paper zati batean idazten ditut ideia solte batzuk, hots ederra duten esanahidun zenbait esaldi, eta ideia orokor bati jarraiki poema sortzen noa: ordenagailuaren aurrean benetako lana hasten da. Nola esan eder eta desberdin? Nola esan sinpleki, konplikatua dena? Nola idatzi hitzik sobran jarri gabe? Horiek dira nire iparrorratza.

4)      Zer deritzozu zure obraren bat literatur kanonaren barruan egoteari?
Zer da, ostera, literatur kanona? Argian edo Deian hilabatero poema liburu baten kritika idazten dudanean ez dut sentitzen kanona sortzen ari naizenik. Ez dut horrela bizi. Unibertsitatean egiten den kritika mugatu eta kalitatez irregularrak finkatzen al du kanonik? Berba batean: existitzen da kanona gurean? Nork finkatua? Balego ere, esan nahiko luke zerbait? Badiotsut: kanona da idazterakoan buruan daukadan azken gauza.

5)      Zer eragina espero duzu irakurleengan?
Momentu batez begiak liburutik banatzea eta bihotza apur bat uzkurtu zaiola pentsatzea da nire ilusiorik handiena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario